Diario Vasco
img
NAFAR TORTILLA
img
Jesus Mari Mendizabal | 14-02-2018 | 07:32| 1

Arrautzopilaren, patata tortillaren jatorriaz edo sorburuaz badarabilgu buru-nahaste franko. Aspalditik defenditu izan dut Tomas Zumalakarregi jeneral karlista ormaiztegiarrak (bere sukaldaria lagun zuelarik) asmatua izan zela XIX. mende erdialdean, Nafarroako Allin bailaran zebilela. Agian. Hala entzun nien, behintzat, behin hangoxe atso-agure pare bati; garai hartan ere hango herrixketan arrautza eta patata eskura izaki; ez asko, baina gutxian aski. Gauzak ez dira, ordea, horren xinpleak, agidanez. Egia ezin da zurrumurru hutsetan oinarritu; dokumentazio fidagarria behar da “agian” egian jartzeko.

Dokumentazioa behar da; eta, nik behintzat, inon froga on erakusgarririk topatzen ez… Halere, gutxien espero dugun lekuan eta unean agertzen da erbia. Joan den ostegunean (hilak zortzi, Ostegun Gizen), ohi ez bezala, telebistari begira jarri nintzen, denbora pasa. ETB1en, Txoriene sukalde-programa. Aurkezlearekin bi gizaseme ageri ziren, nafarrak, esango nuke. Konektatu bezain pronto, bi gauzok eman zidaten atentzio bizia: prestatzen ari ziren janak (bi patata tortilla, zuria eta beltza) eta esaten zutenak (nafar tortillak omen zirela haiek, otapurrez eta abarrez eginak).

Bi gizaseme Txoriene-ra gonbidatu haiek jantziago eta ikasiago zeuden ni baino arrautzopilaren nondik norakoaz, zorioneko patata tortillaren jatorri eta sorburuaz. Eurek, beti ere, “nafar tortilla” esaten zuten. Eta kontatu zuten, ezer baino lehen, historian kokatze aldera, zer ziren XVII. eta XVIII. mendeetan Nafarroako erreinuan (hiru guneetan: Iruñean, Lizarran eta Tuteran) “memorial de ratonera” deituak; sagu zuloko oroit-agiriak, euskaraz. Ikusten denez, legeak egiten ziren hiru herri horietako jauregietan; eta bazen gutunontzi bat, buzoi bat, jendeak “sagu zulo” izendatzen zuena, non, nahi zuenak (eta idazten zekienak, baldinbetan!) bere eskabideak, bere protestak, bere iritzi idatziak, bere oroit-agiriak lagatzen baitzituen.

Oroit-agiri edo memorial horietako bat 1817koa da. Bitxia, zinez! Aldi hartan nafar jendeak zer nola jaten eta janzten zuen adierazten baitu xehero, hiru eremuak bereiziz, gainera: mendia, erdia eta erribera. “En el país medio” (Lizarraldean, hortaz), hara zer dioen: «…, dos o tres huevos en tortilla para cinco o seis…, mezclando patatas, atapurres de pan, u otra cosa». Alegia, bost edo sei pertsonentzat, bi edo hiru arrautzari, patatak eta otapurrak (ogiapurrak edo “migas”) eransten zizkietela, edo auskalo beste zer, janaria ugariagotzeko, bistan da. Goseak erakusten du hori. Eta hori da, inondik ere, arrautzopilaren edo patata tortillaren aipamenik zaharrena Europan; eta horixe da, hortaz, nafar tortilla legekoa, Nafarroan nafarrek asmatu bide zutelako, XVII.-XVIII. mendeetan zehar, seguruenera; 1817. urtez aurretik, behintzat, derrigor.

Gure Tomas Zumalakarregi beranduxeago ibili zen Lizarra inguruetan, bere sukaldari Lancelot belgiarrarekin. Badirudi, beraz, Tomasek-eta han ikusi jendea zera jaten, han ikasi arrautza-patata-otapur zera egiten eta, ondoren gero, ekarri eta zabaldu zutela nafar tortilla hura hala Gipuzkoara nola Bizkaira ere; eta ondorenago gero, noski, baita iberiar penintsulara eta mundura ere. Kontaerak aski egiantzekoa dirudi. Oihartzunak du beti azken hitza. (Inork interesik baldin badu, bisita dezala sarean: www.kukubat.eus).

 

Bizargorri, 2018-02-14

Ver Post >
LEPOA EGINGO NUKE!
img
Jesus Mari Mendizabal | 07-02-2018 | 07:48| 0

Eguzkia baino argiago ikusten dugu (ikusi uste izaten dugu), hala gure existentziaren gorabehera potoloenetan, nola gure eguneroko gertaerarik xume ttattarrenetan. Hain ziur gaude gure ustean, hain-hain sines-betean, lepoa ere jokatuko baikenuke zenbaitetan; apustuan jarriko baikenuke zernahi gauza, galtzeko beldurragatik… Eta, adibiderik eman ezean, baieztapen batzuk airean urtzen baitira elurra eguzkitan bezala, arestian esanaren ulertze aldera, gure auzoko ezagun bati herenegun gertatu zitzaiona kontatuko dut.

Ezin esan da Antton Kaiku denik gure gizona, baina Antton deituko diogu kontakizunean, gauza erdibidean utziz. Bon… Antton, goizero bezala, bi egunkari erosita, Sokoako kafetegi-okindegira joan zen, etxetik laurehun bat metrora. Bere txokoko mahaitxoan astiari eta aisiari jarrita, kafea hartuz, egunkari biak letu zituen, noiz saltoka noiz altoka… Akaberan, ogia eskatu, zorrak ordaindu, ogia periodikoekin batera telazko poltsan sartu, agurrak egin eta atera zen, berehala egin beharreko erosketak gogoan irauliz.

Handik berrogei bat metrora, harategia. Txanda hartu, itxoin, arkume besoa erosi, ogi-periodikoen ondoan txukun kokatu eta kanpora berriz. Beste berrogei bat metro aurrerago, auzoko supermerkatua. Barrura egin, goizero bezala ordaintoki ondoan bere telazko poltsa utzi, bidean lau buruko baratxuri sorta hartu eta arraindegira. Bakailao freskoa xerradatan ipintzeko, mesedez; eta bai Milak dotore asko ipini ere. Ordaintokira itzuli, arraina eta baratxuri sorta ordaindu, dena bere poltsa telazkoan sartu eta kanpora berriz ere Antton.

Handik, zuzen etxera. Etxeko sukaldera orduko, poltsa zabaldu eta hasi da Antton husten: arraina, baratxuria, arkumea, ogia eta… hara!, ai ene bada!, bere bi egunkariak falta!! Haien lakuan, berak erosten ez zuen berripaper bat zegoen. Eta jakina: falta dena, falta den lekuan nabarmentzen da gehien… Harriduraren ondoren, «Bazakiat –egin zuen Anttonek berekiko–: hau, inondik ere, supermerkatukoa duk; eta nireak, noski, han izango dituk. Baten batek eskua sarturik izango dik… Noan arin bila, nirea ez den hau hartuta».

Sartu da berriro supermerkatura, egoera argitzera. Dama saltzaileak, ordea, ezetz, zekarren periodiko hura ez omen zela hangoa, nagusiak goizean goizetik eramana zuelako etxera. Seguru; berak ikusi omen zuela eta. «Eta zure egunkariak hemen ote diren…!? Keba! Hemen ez dituzu utzi. Seguru asko (pentsa ezazu ondo, Antton), kafetegian utziko zenituen; edo harategian. Hemen ez, behintzat». Anttoni buruak ezin eman zion misterio bat zen hura. «Ezetz, ba; ez dela posible! Nola utziko nituen, ba, kafetegian edo harategian, neuk eskuokin sartu dut-eta prentsa nirea poltsan, ogiaren ondoan aurrena eta arkumearen ondoan gero! Gogoan dut, gainera, honaino iritsi dela». Damak: «Nik, zuk bezala, kafetegian begiratuko nuke, badaezpada…». Eta: «Ezetz. Lepoa egingo nuke! Lepoa eta etxea ere apustu egingo nizuke, han ez dela nire prentsa paperrik; hara zer esaten dizudan…».

Baita apustua galdu ere gure Antton Kaikuk, egin izan balu. Hurrengo goizean, goizero bezala, joan da kafea hartzera okindegira eta hango Marianak: «Atzo baten batek gure periodikoa eraman eta bereak bi utzi zituen hemen… Gurea eramatea, ohikoa da zoritxarrez. Baina inork bi uztea, gauza berria da, gauza berria denez, alajainkoa!».

Bizargorri, 2018-02-07

Ver Post >
BIDASOA OSPITALEAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 31-01-2018 | 08:26| 1

Bidasoa Ospitaleak lau barne patio baditu, jendearentzat itxiak, zuhaitzez beteak. Haraxe biltzen dira beharrez ilunabarrero ehundaka txori txio-txioka beren abarora, gaueko arriskuen babesgunera, gau-pasa baketsua egitera, lotara… Gero hurrena, egunsentiarekin, txitxirri-txitxirrika, egundoko zalaparta eta iskanbila sortuz, hor abiatzen dira denak saldoka, poz-pozik bakoitza bere egitekoetara, ogi-apur bila, airoso asko…

Hantxe, gure eskualdeko ospitalean egona nauzu sei egun luzez. Gonastrosis esaten diotena izaki nik, eskuin belaunean artroplastia egin zidaten (protesia ezarri, alegia), bizkarrezurreko anestesiapean. Txoriak gaueko abarora bezala, neu ere halabeharrez joan nintzaizun ebakuntza mahaira; ez, noski, txioka kantuan, izuaren lantuan baizik… Dena den, aitortu beharrean naukazu, Morfeoren besoetan 3-4 orduz lo egin ondoren, oinazeak oinaze, ezinegonak egonezin, aspaldiko partez, bake santu erabatekoan egon nintzela bakardade ederrean, emaztea aingeru guardako. Zergatik, diozu…? Bada, telefonoa, waxapa, prentsa, bisitak eta telebista itzali, galarazi, ukatu, mututu eta ekidin nituelako propio, nahita. Egia da ere, ordea, zazpigarren egunean medikuak alta senda-agiria eman zidanean, txoriak egunsentian baino gusturago altxatu nintzela etxera etortzeko. Ez, noski, haiek bezain arin airoso, baina tira…

Ospitale Publikoa dugu Bidasoa eskualdeko hau. Bertan dozenerdi bat doktore izango dira maiz-maiz belauneko protesiak ezartzen dituztenak. Niri tokatu zitzaidan doktoreak, ebakuntza egitea erabaki genuenean, argi esan zidan: «Dena ondo ateratzeko probabilitateak hamarretik bederatzi dira. Hala hemen, nola Bilbon eta New Yorken ere… Gure aita belauneko operazioa egin beharrean gertatuko balitz, zu bezala, nik honaxe ekarriko nuke, batere dudarik gabe». Eta sinistu egin nion, horra. Izan ere, afana dago, gero, afana dagoenez, ospitale eta mediku pribatuetara jotzeko, larrutik ordainduz gehien-gehienetan, han “material” askoz hobea delakoan, han mirariak egiten dakitelakoan, han mediku izen handikoek eriak den-denak don-doña-dontsu egiten dituztelakoan aldiro eta betiere. Zergatik urrutiko “famatua” hobea da beti, auzoko ohikoa baino? Zergatik asko ordaintzen dena hobea da beti, eskubidez “dohainik” tokatzen zaiguna baino? Zergatik, e…!?

Bidasoa Ospitalean, munduko beste guztietan bezalaxe, ez daude/dabiltza/dihardute medikuek bakarrik. Baldinbaitere. Administrazio, zerbitzu eta garbiketa lan etenik gabean dabiltzan pertsonetatik aparte, bada andre eta gizon (batez ere, andre) talde bat, hemen gaurkoan zuri, irakurle, aipatu eta goraipatu gabe utzi nahi ez nizukeena: erizainak eta laguntzaileak. Ez nauzu ni, zorionez, ospitale askotan ibilia; baina, han-hemen ezagutu izan ditudanetan, ez zait honen parekorik (ezta hurrik eman ere) alerik ere tokatu sekula: zer-nolako tratua erizainena gaixoonganakoa! Tratu zoragarria, adeitsua, eztia, irribarretsua, zintzoa, arretatsua…; batere lainezarik, petralkeriarik eta purrustadarik gabekoa… Askotan ez dakigu etxean nolako altxorra daukagun…, dohainik!

Rey Urdiain Doktoreari eta erizain eta konpainia guztiari, milaka esker. Profesional maitagarriak zarete. Plazerra izan da, minak min… Zuri, irakurle,

berriz, eskumuinak, goraintziekin nahastuta; ez nagoelako zurekin ahaztuta.

Bizargorri, 2018-01-31

Ver Post >
AIZKORRI eta JAIZKIBEL
img
Jesus Mari Mendizabal | 03-01-2018 | 09:52| 3

Joan den astelehenean zortzi, Eguberri egunean, Joxe Mujika ormaiztiarra, gure “Kazka” laguntzarra, Aizkorriko gurutzera igo zen goizean goiztar; eta, harekin bateratsu, ehunka gehiago ere bai, azken urteotako ohitura lege eginez. Argazki ederra bidali zigun adiskideoi tontorretik, elurretan zela, mendi-jantzian dotore, harro, poz-pozik…

Joan den astelehenean, Urteberri egunean, Jaizkibeleko ekialdeko ertzera zuzendu nintzen ni goiz erdian, bakarrik. Kristaurik apenas zebilen Hondarribiko kai berri gaineko bazterretan. Argazki panoramiko bat atera (baita shelfi bat ere, sinets ziezadaten) eta Ormaiztegiko lagunei bidali nien, harro eta pozik neu ere, begien bistan neukan panorama ikusgarriarekin.

Izan ere, pare samarreko da (baina iristen ez da) Aizkorriko tontorraren edertasuna Jaizkibeleko ur eta lur hauen alderako. Goiza polit-polita argitu zuen kostalde honetan eta itsasbazterren ikuskizunak gorputz-arimak piztu zizkidan, azkenaldi tristean uzkur-muzkur neuzkanak.

Haizea hegotik zebilen indartsu. Itsastxoriak nonahi ziren ageri: kaioak, hegaldi bare mantsoan; bolborin edo ubarroiak, ur arrasean hegada bizkor bizian; kuliska jostariak, kai muturrean, noiz harri gainetan ttipi-ttapa, noiz ur azalean tipaturik (pausaturik). Arrantzontziak kaian zeuden denak amarratuak; hala eta ere, dantza geldiezinean, olatuen konpas akabera gabekoan. Zerua, noiz laino mehe, noiz ostarte urdin, orain itzal argal, orain eguzki ezti. Aparrak arroketan jo eta hautsi; surflariak uretan bagen bila; kresala haize heze-gazi…

Piraten Gaztelutik atera nuen argazki panoramikoa. Landak, Biarritz, Donibane L., Hendaia, Larun, Bidasoa, Irun, Aiako Harria, Hondarribia. Ur, lur, zur. Argazki zabal-zabala gauzatu ondoren, begira jarri nintzaion puntuz puntu, eta bat-batean ur-lur-zur haietako zenbait legenda eta kontadizo oroitu nituen. Nire artean: «Hok e kontau bear zieat ba…!». Eta kontatu egin nizkien herriko lagunei, labur derrigor; whatsappez nola ba bestela…!?

Erretak. Bidasoaren bokalean eskuinetara urpeko arroken gunea; ikusi ez arren, apar zuri franko sortzen da han denboraletan. Toki txoill (oso) arriskutsua arrantzaleentzat. Hamaika ontzi galdu izan da puntu horretan, tirabira eginda.

Dunbarriak. Hendaiako itsas bazterrean ageri diren bi harri handi: luzea bata, zabala bestea. Legenda zaharrak hala dio: Aiako Harrian artean jentilak bizi zirela, Baionako katedrala jasotzen hasi ziren kristauak. Jentilek, haserre sutan, egunez eraikitakoa gauez harrika eraitsi nahi izaten zuten; Aiako Harritik, noski, indartsuak izaki. Baionaraino iritsi gabeko bi harri omen dira Dunbarriak.

Jaizkibel. Euskaldun oro dago hizkuntzalari etimologo. Hemen hauetan zenbaitek uste izan du denbora askoan, mendiaren izena Gaitz-Gibel hitzetatik heldu dela, bertako larrean ibilitako ardiei gibeleko gaitza egiten zitzaiela eta. Ez, bada. Haitz-Gibel da izena, haitzaren gibeleko (atzeko, besteko) aldea.

Gauza da Haitz Gibelek ez duela Haitz Gorriren batere inbidiarik. Gauza da goiz zoragarria irago nuela Txingudi badiako bazterrei begira. Gauza da eguerdirako eguraldiak muzinera egin zuela: iparra, euria, hotza. Gauza da hurrengo asteetan ez naizela hemen blogean azalduko, ospitalera noalako. Joan baino ez joan nahiago, baina… Hurren arte. Urte Berri On.

 

Bizargorri, 2018-01-03

Ver Post >
AIZPEA eta ORDIZIA
img
Jesus Mari Mendizabal | 27-12-2017 | 08:05| 1

Zuetako askok ez duzue jakin ere egingo-eta, ezertan hasi aurretik, esan dezadan Aizpea Zeraingo auzo bat dela; mendi tartekoa, meategi txit famatuak daudenekoa. Meategi horiexen aurrez aurre, eskuin alderaxeagoko mendi magaltxo batean, Telleriñen, jaio zen gure amona eta amandre Ana Joxepa Berasategi, ezkondu artean artzain ibili eta gero Ormaiztegiko Tellerira ezkondu zena. Telleri-eneatik Telleri Berrira egin zuen, hortaz.

Telleriñetik umetatio hasirik izango zen, hala beharrean, batera eta bestera, ardiak zaintzen ez bazen, baserriko produktuak saltzen. Batzuetan, Arantzazun (gaur baino xaharragoko ingurumarian), Goiko Bentan egon izan zen ostatuz, inoizka Oñatira jaitsiz edo Araotz joz. Beste batzuetan, ohitura lege orduan ere, Zumarragara eta Urretxura azaldu izan zen maiz bere zerekin; eta, zer esanik ez, Ordiziara, Billafrankako perira, garai hartan hala esaten baitzen.

Batetik, Ordizia dakart harira, gaur bertan han egingo dutelako Gabonetako Azoka Berezia, goiz-goizetik arrats iluntzera bitarte. Hantxe izango da, nahi eta ahal duenarentzat, ikusgarri ganadu feria (pottoka, txekor, txerri, oilar…), erosgarri fruta-barazkia (azak, errezil sagarrak, kiwiak, intxaurrak…), eta inbidiagarri abarren abarra (gazta, ezti, foi, ogi, gozoki…). Zer ez, izan ere, han…!? Bestetik, berriz, Aizpea dakart gaurko hizpidera, zuek bezalaxe guk ere egunotan, Gabon Gaba aitzakia on, kontu eta kantu eta historia zaharrak atera ditugulako mahai ingurura, etxeko zahar eta gazte eta haurren aurrera.

Kontuak, lehen txanpain koparekin, kontatzen zuen, irri eta mirri, Ordiziako Gabonetako Azoka Berezi horrek izen jostagarriagoa behar lukeela, noski; eta bertan batek “Ordi-Gab-Az-Be” bataiatu zuen, mahaiko denen barregarri. Kantuak, bigarren kopa apartsuarekin, ormaiztegiarron abesti zahar kuttunera eraman gintuen: «…, batzuek oooihu, oooihu!; besteak faaarrez, faaarrez!; salto eta brinko…». Eta kafearen ondoren, berriz, antzinako historia azaldu zigun Ana Marik, emozionatuta, mahaiko guztion atseginetan:

«Behin, gure amona Ana Joxepa, gazte zela, asteazken batez neguan, Ordiziako periatik, astoan saldu ezinak hartuta, bere Telleriñe jaiotetxera abiatu omen zen bueltan. Tipi-tapa. Billafranka, Beasain, Zelandita, Ojarbi, Danborre, Ormaiztegi gaina, Lierni, Zerain, Aizpea… Tipi-tapa. Halako batean, ordea, hortxe Ojarbi parean edo, dena baso itxi atze-aurre, dena sasi eta lahar ezker-eskuin, joan zihoala bakar-bakarrik ilunetan, zer…!?, eta otsoa agertu omen zitzaion parez pare ulu gaiztoan. Gaur bezalaxe, orduan ere ilgora tokatu, eta argiak motz… Ez omen zuen aurreneko aldia ere bere artzain bizian, eta, eskarmentua izaki, beldurrak atzean utzita, poxpolo bat piztu omen zuen aurrean. (Orduko poxpoloak ez pentsa oraingoak bezalakoak zirenik: askoz buru handiagoa zeukaten eta zotza askoz ere luzeagoa). Poxpoloa piztu eta, gonari atzera eraginez, bi belaunen tartean eduki omen zuen sua… Otsoa, geldi. Gero laster, buztana tente ipini, ulu izutia egin eta ihesi joan omen zitzaion buelta hartuta… Aho-zabalik edukitzen gintuen gu umeok amonak…!».

Izango da zuen artean baten bat historia hau jango ez duenik, bere baitan “zerak sinetsiko dik hori!” ariko denik… Badut horrentzat ere zer irakatsia: «Adi ezak ondo, txokilio. Gaur bezpera besterik ez duk; bihar duk Eguberri Laugarrena, inozente eguna, hire eguna, eta hago isilik. Habil bihar erne…».

Bizargorri, 2017-12-27

Ver Post >
ERKIN
img
Jesus Mari Mendizabal | 20-12-2017 | 07:24| 2

Egunotan, eguna ez dik argitzen; egunotan, iluna luzeago bizi duk argia baino; egunotan, haizeak ez dik epel gozotik ezer… Egunotan, lurrera jausiko dituk azken hostoak arboletatik; egunotan, betiko galduko dituk aurtengo azken egunak egutegietatik; egunotan, zeharo zurituko dituk elurrez gainak… Egunotan, hotzetan eta hezetan, ezarenak zizelkatzen ari haiz hi, muzin… Egunotan, «ez bakarrik Bruselan zeudek galtza bete lan».

Batetik, aurki (heuk ere ez dakik zehazki zein egunetan noiz) ospitaletik deitu eta ospitalera eramango haute, mahaira, ebakuntza hiretzat larria egitera: eskuin belaunean protesia ezarriko diate. Momentuz. Hurrena, laster, baita ezker belaunean ere. Bi hanketatik aspalditxoan habil, ibili ere, moldakaitz, neketsu, sufrikariotan… Zirt edo zart, zerbait egiteko garaia iritsi zaik, «heure buruaren kontra, heure buruaren alde».

Bestetik, berriz, dagoeneko hamaika urteetan hamaikatxo artikulutxo idatzi izan duk plazerrez heure etxean, baita euskal herritarren atseginerako heure letren larrera eraman ere: lehenago periodikoan, xox batzuen trukean; azkenaldian blogari, ustezko pox batzuen esperantzan. Norbere plazerrez jardutea eta besteren atseginerako lan egitea oso-oso ona omen dela, ziotek sikologoek, osasun mentalerako… Zakurraren putza. Hire kasuan ez duk, bada, halakorik fortunatu! Total habil ahul eta «erkin».

Nekatu haiz, aspertu haiz, ahitu haiz. Gogogabetuta hago zeharo bi mila eta hamazazpiko urte honen hondar-hondarrean. Inork ez dik kasurik egiten. Hemengoa haiz, baina ez (h)onerakoa, agidanez. Lehenago, periodikoan, idazlan serioak, sozialak, fundamentuzkoak eskaintzen hizkion irakurleari (!?). Publikatu nahi izan dituk han-hemen. Ezetz hemen eta ezetz han. «Hi atetik sartzen haizenean, isildu egiten dituk denak», buruarekin ezezka.

Gerora, blogerako, hala egin hion heure buruari: «Clown ikastaroan egin ezak hik buelta, aspergarria izaten aspertu haiz eta». «Sudur gorri bat ipini behar izan duk tarteko, sudur puntan jartzen zaian guztia egiteko». Eta, solasean jolasean, blog honetantxe hasi hintzen pailazoarenak egiten, irakurlearen (!?) entretenigarri. Ez alferrik! Isilik segitzen ditek (ia) denek… Lehen aspertu eta orain ahitu egin haiz. Akabo eta kito. «Horrelakoxea baita gu prostituton papera: irabazten dugula ere, galtzen ateratzen gera».

Segitu beharko duk noski oraindik beste pixka batean. Baina aurki datorke azkena. Aurki, urtarrila behetik gora hasiko denean; aurki, ospitalera eramango hautenean, asteazkenen batean ez duk hire idazlanik hemen agertuko. Agian, puska baterako. Hala eta ere, jakina, hire idatzi zaharrak hor zeudek, jasoak eta gordeak, irakurri (!?) nahi dituenarentzat. «Lehengoekin ta gaurkoengandik, blogtxo hau gerokoentzat».

Erkin habil… Hankak nekatu zaizkik (ez hago inorako), besoak aspertu zaizkik (ez dik honek pena balio), burua zuritu eta ahitu zaik (ez duk zer esanik ja)… Beraz eta hortaz, bota ezak behingoagatik garbi gordean daukaana: “Inork nahi badu nik hemen honetan segitzea, hamaika irakurle zaleen sinadurak beharko dizkit erakutsi”. Hori duk-eta; bota duk! Izan ere, bertsolariak bezala idazleak ere behar baitik epela, estima eta txaloa. «Duzun inbidia horrek zimeldu zaitu zu» jaulkiko dik, noski, bakarren batek, baina igual ziok, motel…

Bizargorri, 2017-12-20

Ver Post >
BALEGO ETA BALITZ…
img
Jesus Mari Mendizabal | 13-12-2017 | 07:17| 0

Duela hilabete, hortxe-hortxe, okindegi-kafetegi berri bat ireki zuten gure auzoan. Labeak, komunak, barra eta abarra…, ez da espazio askorik gelditzen bezero jendearentzako. Mahaiak txikiak dira halabeharrez, hortaz; eta mahaitik mahaira ere apenas dagoen tarte handirik. Toki goxo, atsegin, egokia da, dena den. Gure lagun bat goizero joan zale da kafea hartzera, periodikoa leitzera eta ogia erostera. Aurreko batean, senar-emazte itxurako bi tokatu omen zitzaizkion aldean, hizketan; eta hala esaten omen zioten elkarri, di-da:

 

Gizonak: —Kremak eta ukenduak erabiltzen dituzu?

Andreak: —Bai.

Gizonak: —Egunean zenbat aldiz?

Andreak: —Hiru aldiz.

Gizonak: —Zenbatsu uste duzu kostatzen zaizula emanaldi bakoitza?

Andreak: —Bost bat euro (kolonia eta guzti).

Gizonak: —Eta zenbat urtez egin izan duzu hori?

Andreak: —Gutxi gorabehera…, hogeita bost urtez.

Gizonak: —Hortaz, gastua bost eurokoa bada, eta egunean hiru aldiz, hilean 450 ematen du horrek. Urtean, berriz, 5.400 euroko gastua; ez da hala?

Andreak: —Halaxe da.

Gizonak: —Urte bakoitzean 5.400 euro gastatzen badituzu, inflazioarena kontuan eduki gabe, azken hogeita bost urteetan 135.000 € gastaturik izango dituzu, noski; ez da hala?

Andreak: —Halaxe da.

Gizonak: —Konturatzen al zara, konturatzen!, diru hori irabazian ipini izan bazendu eperako aurrezki kontu batean, eta azken hogeita bost urteetako interes konposatua kontabilizatu, pilatutako fortunarekin konturatzen zara abioi bat ere eros zenezakeela? Abioi bat! Euroka-euroka egiten da Europa…

 

Une horretan isil tarte bat izan omen zuten hizketan ari ziren biek… Aulkian ipurmasailak erosoago kokatu, izter bat bestearen gainera ezarri, bizkarra hormako oholera eratzan eta honela ekin omen zion txandako hiztunak jardunari:

 

Andreak: —Kremak eta ukenduak erabiltzen dituzu?

Gizonak: —Ez.

Andreak: —Non da zure abioia…?

 

Andre zuhur hark gizon xuhur hari aterabide guztiak itxi zizkiola-eta, gizon hark andre hari hizketan arrazoirik jango ez ziola-eta, ogi-periodikoak besapean harturik, irri isil ironikoak ezpainetan leherturik, zutitu eta alde egin omen zuen gure lagunak handik, okindegi-kafetegi berritik, non mahaitik mahaira ez dagoen, ditxa onez inoiz, tarte handirik…

Izan ere, entzunean-entzunean, begira-begira, egunero ikasten eta ikusten dugu zerbait: balego eta balitz, elkarren ondoan dabiltz.

 

Bizargorri, 2017-12-13

Ver Post >
FAMILIAREN MATAZA
img
Jesus Mari Mendizabal | 06-12-2017 | 08:27| 1

Beste ezer baino lehen, ager dezadan argi eta garbi zer den mataza. Inoiz zuetako batzuen batzuek kalean gelditu eta, aho-beteka ez bada, hitz estalika, errieta egin izan didazue, esanez ez omen dagoela kristaurik nire euskara hau hasi eta buka ulertuko duenik; lexiko gaitza, gaitzegia omen darabilt… Aditu, bada: mataza hari edo artile bildu mordoa da; eta, ondorioz, gauza nahasia adierazteko erabiltzen dugu euskaldunok. Behin hori argituta, goazen harira.

Forges umorista espainiarrak esan omen zuen behin, amodioa kimika dela; ezkontzarena, fisika; eta dibortzioa, matematika. Kimika, fisika, matematika: hiru hanka horien gainean eraikitzen dira, hortaz, gizakion familia mahaiak. Sinplea dirudi; baina gauzarik sinpleenak maiz nahasten eta korapilatzen ditugu (edo zaizkigu), matematika kalamatrika bihurtuz.

Kalamatrika horietako bat dakart gaurkoan hona, zuen entretenigarri: familia baten mataza nahasi baino nahasiagoa. Gezurra dirudi halako mataza motroiloa inoren etxetan gerta litekeenik; gerta liteke, ordea, sinesteak lan badu ere. Posible da; ez da ezinezkoa. Ulertzen ez baduzue, ez egin, arren, nire erru: euskara erraz sanoan dago eta ez da hemen lexiko toxikorik oraingoan.

Ezezagun batek bidali berri didan gutuna erakutsiko dizuet, haren familiako matazaz: alarguna, alaba, aita, ezkontza, aitaginarreba, ni, alabaordea, erditzea, anaia, ama, osaba, andrea, aitona… Hari mutur mordoa mataza bakar baterako, aurki ikusiko duzuenez. Familiaren paraderoa! Atarramentu xelebrea baiki, etxe baterako. Hamaika aditzeko gaudela, baina oraindaino halakorik…!

Testua hotza da, laua, soila; batere apaindurarik gabea. Testua laburra da; irakurtzen ez du lanik. Ordea, gutunean kontatzen didan historia (erreala, agidanean) goitik behera dena zuzen konprenitzeko, buruhauste bat baino gehiago izango duzue, noski. Hala eta ere, gozamena bermatzen dizuet, alafede. Ez alferrik gabiltza hemen “solasean jolasean”, ia beti… Zoazte poliki, zabiltzate tentuz, egin ezazue eskema paperean, egiazta pausuak posibleak ote diren… Agintzen dizuet ez duzuela hola-ta-hola honen pareko denbora pasarik, ez sudokurik, ez hieroglifikorik, hain gutxi gurutzegramarik, hain adi eta zurt mantenduko zaituenik.

«Nire historia kontatuko dizut. Andre alargun batekin esposatu nintzen, orain urte batzuk, zorigaitzez. Alaba bat zeukan lehendik berak. Jakin izan banu, berehala esposatuko nintzen… Gure aita, berriz, alargundurik bizi zen, tamalez… Enamoratu eta nire andrearen alabarekin ezkondu zen. Hartara, nire andrea bere aitaginarrebaren amaginarreba bilakatu zen; nire alabaordea, berriz, neure ama; eta, aldi berean, gure aita neure suhi.

«Handik gutxira, nire amaordea mutikotxo batez erditu zen. Haur hori, nire anaia izaki, nire andrearen biloba zen; hartara, hortaz, ni neu neure anaiaren aitona bilakatu nintzen.

«Denbora joanean, nire andrea ere mutiltxo batez zen erditu; zeina, nire amaren anaia izaki, gure aitaren koinatu eta haren seme-alaben osaba gertatu baitzen. Nire andrea haren alabaren amaginarreba bilakatu zen. Eta ni, berriz, neure amaren aita naiz; gure aita eta bere andrea neure semeak dira. Ni neu naiz, gainera, neure aitona».

 

Bizargorri, 2017-12-06

Ver Post >
EMEAREN UMOREAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 29-11-2017 | 17:16| 1

Sentitzen dut, baina ez dut artikulu serio bat (kupoa: zukua ala trukua; Katalunia: kata-alu-kumia; Europa: zeru txiki ala infernu handi…) antolatzeko, janzteko eta idazteko astirik izan: nire jaioterrian nabil festa-haizean, Sanandresak pasatzen; eta, jakina denez, gau txoriak egun txoro. Ez dut, beraz, hitzik; zer esanik ez dut, horra. Zurekin zorretan naiz, ordea, irakurle, eta zer egingo…?, zer egingo…?, bat-batean ideia bikaina otu zaidalakoan nago, hara: egunotan zenbait damatxo graziatsuk bidali dizkidaten zortzi WhatsApp ekarriko ditut hona. Eta kito. Barre-arren.

Bat. Gizon handi bat ikusi uste duzunean, beste ezer baino lehen, begira ezazu eguzkiak nondik jotzen duen; ipotx baten itzala ere izan liteke eta.

Bi. Gizasemeak hala galdetu omen zion behin emakumezko bati: «Aizu, zuek, andrazkook, zer dela-eta nahi duzue gure arreta erakarri itxurarekin, eta ez inteligentziarekin, e…?». Eta andreak erantzun omen zion: «Litekeenagoa delako gizon bat tontoa izatea, itsua baino».

Hiru. (Andre bat ageri da irudian, mutil koskor bat besoetan duela). «Izeba –muttikoak–, zuk zergatik ez daukazu seme-alabarik…?». «Ai, enetxo –andreak–, zikoinak ekarri ez didalako». «Zergatik  ez duzu aldatzen txoriz?».

Lau. Senar-emazte jubilatuak etxean… Senarra salako butakatik jaiki eta terrazara doa. Han andrea dago patxadan, egonean, denbora pasa… «Eta…? Zer egin behar duzu gaur?», senarrak. «Deus ere ez», emazteak. «Atzo ez al zenuen, ba, horixe bera egin?». Eta: «Bai, baina ez nuen bukatu».

Bost. Senar-emazte horiexek beste behin terraza berean dira ageri, elkarren ondoan exeriak. Andrea baso bat ardo hartzen ari da… Halako batean, esaten du: «Ez dakit hainbeste urtean zer egin izango nukeen nik, zu gabe!». Gizonak hori aditzean, txundituta: «Zu zeu zara hizketan ari dena, ala ardoa da?». «Ni neu ari naiz, bai, ardoarekin hizketan».

Sei. Euskal eta auzo herri guztietako etxerik gehien-gehienetan barra-barra dabil aurtengo azaroan (datorren urtekoan ere larri ibili) inkesta baten emaitza, agidanez, egiazkoa: gutako bakoitzak, ala andreek nola gizonek, urtean hirurogeita hamabost bat harreman sexual omen dauzkagu. Datu horrekin batera, barra-barra dabil ere gutako bakoitzak bere kolkorako egiten duen egiondoa: «A ze abendua datorkidan…!».

Zazpi. Joan den urrian Amesketan gertatu omen zen. Senarra ohean etzana; andrea izkinan eseria… Gizonak: «A ze larrualdia bart, ezta!? Ordubete ziki-zaka!». Eta andreak: «Ergel huts halakoa: bart ordu-aldaketa izan dugu!».

Eta zortzi. «Uste dut, emakumeak txoratuta dabiltzala; baldin eta gizonen pare ipini nahi badute, behintzat. Askoz ere gehiagokoak dira eta! Zernahi ematen diozula, emakume batek hobeagotu, areagotu egingo du zuk emana. Zure esperma ematen diozula…? Haurtxo bat egingo dizu berak. Bizitokia ematen diozula…? Tokia etxe egingo du berak. Janaria ematen diozula…? Bazkaria emango dizu berak. Irribarre bat eskaintzen diozula…? Bere bihotza emango dizu berak… Eskaintzen eta ematen dioten guzti-guztia ugaritu eta ugaldu egiten du berak. Kaka-mokordoa eskaintzen badiozu, beraz, berak tona bateko kaka-pila itzuliko dizu!». (William Golding).

 

Bizargorri, 2017-11-29

Ver Post >
OSABA TOMAS HAREN HIRU HISTORIA
img
Jesus Mari Mendizabal | 22-11-2017 | 08:26| 0

Orain dela ehun eta laurogeita bi urte, ekainaren hamabostean, Otxandiotik Durangon barrena Begoñaraino Bilbo hartzera etorri eta bosgarren egunean juxtu, zauritu omen zuen ‘bala’ galdu batek hankan Zumalakarregi, karlisten jeneral handi ahaltsua… Haren herrikide naizen aldetio, Ormaiztegin Sanandresak hasteko direla, ezin isildu ditut nik gure Osaba Tomas haren hiru historia ahaztuak, desitxuratuak edo ezezagunak. Bai baititut nik hiru datu, iturri on-onetatik jasoak hirurak, inongo paperetan apenas atera direnak. Zorroztu, bada, lapitzak historia-zale, ikerlari eta artxibategietako zomorro guztiok, hiru sekretu esatera noazkizue-eta, labur-zurrean badarik ere.

Bata da non eman omen zuen Tomas Zumalakarregik bere AZKEN GAUA, belaunean tiroz zauritu zuten aurrekoa: Begoñako Zubizito estratako Etxezuri baserrian, Leginatar-enean. Datua, egia borobila omen dena, alafede.

Bigarrena da, PATATA-TORTILLArena. Patata-tortilla, bai kuanto! Hainbat gerrilatan aipamen eta sona handiak egin zituen ormaiztiarrak asmatu bide zuen patata-tortilla, bere mutilekin Arabako lautadatik Nafarroako Allingo bailarara bildu zenetako batean. Nonbait, jateko gauza asko ez, baina patata eta arraultza franko tokatu (ostu, harrapatu…) eta Aranburu bere sukaldariari horrela-eta-horrela eginarazi omen zion, Larriongo andreek erdi-jolasean aholkatuta. Ez da hau nik asmatua; Larrion inguruko herrietako zaharrei hala entzun izan diet… (Beasaindar malapartatuek odolkiaren ospe-izenak kendu zizkiguten, baina inork ez diezagula gaurtik geroenean ebats eta ken patata-tortillaren asmatzaileak ormaiztegiarrok garena, gure «Osaba Tomas»-i esker).

Eta da hirugarrena, TXINBERArena. Zumalakarregi, jaun jeneral karlista handia, ez zuen liberalen bala batek zauritu; ez zuen fusil-bala batek gerran hil. Zumalakarregi heriotzara abiarazi zuen tiro ‘galdu’ haren historia ez da ondo kontatzen. Hara zer gertatu omen zen benetan, agidanez. 1835eko ekainak 15 zituen. Begoñako pikondoetan, artean Bilbon gerra-hotsik apenas zela, bi mutil koskor gordeka-gordeka txoritan zebiltzan “txinbera” batekin (txinberak perdigoi gisakoak tiratzen ditu; txinboak txori batzuk dira; txinbo bilbotarrei esaten zaie). Mutikotako bat Azkuenaga zen; haren lagunaren izenik ez zaigu iritsi. Azkuenagarena zen txinbera, eta oso harro zegoen mutila bere armaz eta punteriaz. Hartan, arbola-tarte batetik, jo dute Begoñako plaza, eta dezenteko distantziara, udaletxeko balkoitik Bilbo zabalera begira-begira, ikusi dituzte gizaseme batzuk zutik. Gure Azkuenaga honek apustu egin dio lagunari: «Hemendik tiratu eta baietz balkoia jo?». Lagunak: «Ezetz!». Tiro egin du Azkuenagak bere txinberaz eta jo du, tamalez, Tomas jauna belaun parean… Hortik aurrerakoa, nik besterik ezer esan gabe ere, historia jendeak jakina da. Handik hogeita bat egunera zendu zen Zegaman Zumalakarregi, 47 urterekin.

Bi iturri duin fidagarriotatik jakin dut nik hirugarren hau. Batetik, Javier Gonzalez de Duranaren «Adolfo Guiard» liburuko 15. orrialdean dator. Bestetik, nire lagun-zahar Jose Ramón Alexandre Zearsolo Giart-ek, Mejikon jaio eta aspaldian gurekin Hondarribian bizi den Josefo-k, kontatu dit. Azkuenaga mutiko haren ondorengoa omen da, eta beren etxean honela kontatu izan omen dute urteetan, erdi isilka, Tomas Zumalakarregi jaun jeneral karlista handia nola eraman zuen perdigoi txiki ñaño ganorabako batek.

Bizargorri, 2017-11-22

Ver Post >

Otros Blogs de Autor